>

>

Pirinioetako faunak seinaleak ematen dizkigu klima-aldaketa mendikatean nola eragiten ari den ulertzeko

Pirinioetako faunak seinaleak ematen dizkigu klima-aldaketa mendikatean nola eragiten ari den ulertzeko

INBIOPYR proiektuaren esparruan egindako mugaz gaindiko topaketa batek ondorio interesgarriak eman ditu hainbat espezie zentinela aztertu ondoren: besteak beste, animalia-espezie batzuk altuera handiagoko eremuetara lekualdatzen ari direla ikusi da, eta horrek haien habitat erabilgarria murrizten du eta zaurgarritasuna handitzen du.

Pirinioak aldatzen ari dira, eta bertako espezieak dagoeneko horren seinaleak ematen ari dira. Horien artean dago bisbita alpinoa (Anthus spinoletta), mendikateko larre alpinoetan ohikoa den hegaztia; izan ere, gero eta altuera handiagoan bizi da, seguru asko klima-aldaketaren ondorioz. Kota altuagoetara egindako lekualdatze horrek haren habitat erabilgarriaren hedadura murrizten du eta zaurgarritasuna handitzen du. Horrelako seinaleak ari dira ematen Pirinioetako bioeskualdeko hainbat espezie zentinelak; jokabide hori aztertzen ari da INBIOPYR proiektua.

Interreg POCTEFA programak finantzatuta eta Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta, mugaz gaindiko proiektu honen helburu nagusia da klima-aldaketarekiko sentikorrak diren Pirinioetako espezie zentinelen banaketa espazio-denboralean gertatzen diren aldaketen magnitudea neurtzen duten fauna-datuen bilketan eta adierazleen garapenean mugaz gaindiko harmonizazioa sustatzea. Proiektuan, halaber, Ariègeko Espazio Naturalen Kontserbatorioak, Kataluniako Ornitologia Institutuak, Hegaztiak Babesteko Ligak, Pirinioetako Klima Aldaketaren Behatokiak eta Ordesa-Viñamalako Biosfera Erreserbak parte hartzen dute.

INBIOPYRen esparruan egindako lanaren barruan, joan den martxoaren 11n Foixen (Frantzia) egin zen mintegi batek fauna zentinela aztertzeko aukera eman zuen, espezieen ugaritasunaren eta presentziaren aldaketa espazioan eta denboran neurtzen dituzten adierazleen bidez. Pirinioetako Klima Aldaketaren Behatokiko proiektu-kudeatzaile Esther Güiza Marquezek azaldu zuenez, “aldaketa horiek adierazle klimatikoekin lotu daitezke, eta Pirinioetako biodibertsitatean klima-aldaketak dituen ondorioak aztertzeko tresna gisa erabil daitezke”. Mintegian, espezie zentinela horiek ematen dituzten lehen emaitzak ikusi ahal izan ziren; izan ere, mendiko ekosistemetan klima-aldaketaren ondorioen adierazle gisa jarduten dute.

Hegaztiak, adierazlerik argienetako bat

Bisbita alpinoa (Anthus spinoletta) goi-mendira egokitutako hegazti gutxietako bat da. Hala ere, azken 15 urteetan Faunpyr atarian —mendikate osoan egindako fauna-behaketak biltzen dituen plataforman— jasotako datuek erakusten dute urtero batez besteko altitude handiagoan hautematen dela; horrek iradokitzen du haren habitat naturala ere kota altuagoetara lekualdatzen ari dela. “Dagoeneko gailurretako eremuetan bizi den espezie baten lekualdatze hori kritikoa izan daiteke haren biziraupenerako, eta ohartarazten digu laster balitekeela bere bizi-zikloa egiteko eremurik ez aurkitzea”, adierazi du Marc Antonek, Kataluniako Ornitologia Institutuko (ICO) ikertzaile eta monitorizazio nahiz jarraipen-proiektuetako teknikariak.

 

Aldaketa hori gaur egun kota baxuagoetan bizi diren beste hegazti-espezie batzuetan ere ikusten da. Kukuaren (Cuculus canorus) kasuan, espezie horren altueraren araberako agerpen-probabilitatearen ereduek erakusten dute gero eta aukera handiagoa dagoela kota altuagoetan behatua izateko, eta, aldiz, txikiagoa dela altuera baxuagoetan aurkitzeko probabilitatea.

Kukuaren altitudearen araberako lekualdatze hori haren ugaritasunean ere islatzen da. Zehazki, espezieak joera du ugaritasun txikiagoa izateko behe-mendian; egonkor mantentzen da mendialde ertainean, eta joera du ugariagoa izateko goi-mendiko inguruneetan.

Ez dira aldaketak altitudean bakarrik antzematen.

Azterketa fenologikoek —izaki bizidunen urteko zikloak eta data giltzarriak aztertzen dituztenek— ere klima-aldaketaren ondorio izan daitezkeen aldaketak erakusten dituzte. Apolo tximeletaren (Parnassius apollo) behaketak, bost urteko aldietan aztertuta, adierazten du espezieak bere agerpena aurreratu duela; izan ere, behaketa-maiztasun handieneko gailurra gero eta lehenago gertatu da azken bost urteetan.

Testuinguru honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologo Olatz Aizpuruaren arabera, “orain arte lortutako emaitzek indartu egiten dute mugaz gaindiko lankidetzaren eta espezie zentinelen epe luzeko jarraipenaren garrantzia. INBIOPYRen esparruan garatutako lanak aukera ematen du Pirinioetako faunan klima-aldaketak dituen ondorioak goiz detektatzeko ez ezik, kontserbazioaren arloko erabaki-hartzea hobetzeko oinarriak ere ezarriko ditu”.

 

Ez galdu ezer OPCCtik

Harpidetu zaitez gure newsletterrera