>

>

SOLPYR proiektuak Pirinioetako lurzoruen kartografia bultzatzen du Nafarroan

SOLPYR proiektuak Pirinioetako lurzoruen kartografia bultzatzen du Nafarroan

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Interreg POCTEFA programaren esparruan kofinantzatutako SOLPYR proiektuak bere bazkideak eta pertsona adituak bildu ditu Nafarroan ekainaren 16an, 17an eta 18an, Pirinioetako lurzoruen analisia, sailkapena eta karakterizazioa lantzen jarraitzeko. Erronkaribarren egindako jardunaldi teknikoak lan-saioak eta Nafarroako Pirinioetako hainbat puntutara egindako landa-bisitak uztartu ditu.
Topaketak aukera eman du bertatik bertara aztertzeko hainbat altitude-mailatako lurzoru eta paisaia mota desberdinak, bai eta lurzoruaren ezaugarrien, bilakaera klimatikoaren eta mendeetan zehar lurraldea modelatu duten giza erabileren arteko harremana ere.

 

SOLPYR proiektuaren helburu nagusia mendiko lurzoruen babesa eta kontserbazioa sustatzea da, bai eta klima-aldaketarekiko duten erresilientzia indartzea ere. Horretarako, ezagutza garatzen, jardunbide egokiak zehazten, zaurgarritasun nagusiak aztertzen eta herritarrak zein mendiko erabiltzaileak sentsibilizatzen lan egiten du, baliabide hauskor hori kontserbatzeko. Proiektuaren helburu nagusietako bat Pirinioetako mendigune osoaren 1:400.000 eskalako kartografia homogeneizatua garatzea da. Tresna horren bidez, mendiko lurzoruei buruzko ezagutza hobetzea, haien garrantziari buruz sentsibilizatzea eta giza jardueren aurrean duten zaurgarritasuna ikusaraztea bilatzen da. Proiektuak OPCCren Geoportalaren bidez jarriko du kartografia hori komunitatearen eskura.

Hil honetan egindako jardunaldian, bazkideek Nafarroako Pirinioetako hainbat leku bisitatu dituzte, besteak beste Belagua, Larra, Erronkari, Arbaiungo arroila, Erromantzatua, Irunberri eta Zangozako ingurua. Ibilbideak aukera eman du Larrako karstean lurzoruak behatzeko, baita flysch, marga eta ibai-terrazen gaineko lurzoruak ere, eta haien garapenean altitudeak eta orientazioak duten garrantzia nabarmentzeko.

Ekimenak Pirinioetako paisaiaren egungo eraldaketa aztertzeko aukera ere eman du. Belaunaldiz belaunaldi, abeltzaintzak, baso-aprobetxamenduak eta lurraldearen erabilera tradizionalek ibar horien antolaketa sozioekonomikoa definitu dute. Gaur egun, jarduera horietako askoren pixkanakako uzteak eta klima-aldaketaren azkartzeak paisaia eraldatzen ari dira, larreen desagerpenarekin, baso-masaren aurrerapenarekin eta lurraldearen erabileren birkonfigurazioarekin.

Testuinguru horretan, SOLPYR proiektuak Pirinioetako lurzoruak eta paisaiak hobeto ezagutzeko garrantzia azpimarratu du, haien zaurgarritasuna ulertzeko, aldaketak aurreikusteko eta funtsezko baliabide baten kudeaketa errespetuzkoagoa sustatzeko: lurzorua, giza eskalan berriztagarria ez den baliabidea. Jardunaldi teknikoak erakunde bazkideen arteko trukea indartu du, eta Pirinioetako lurzoruak eta paisaiak zaintzera bideratutako lankidetza eraikitzen jarraitzen lagundu du.

SOLPYR proiektuak hiru urteko iraupena du, 2024tik 2026ra bitartean, eta guztira 1.795.513 euroko aurrekontua du. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatzen du, Interreg POCTEFA programaren esparruan, 1.142.108 euroko finantzaketarekin.

Ez galdu ezer OPCCtik

Harpidetu zaitez gure newsletterrera