OPCCk 2021. urtea agurtu nahi du ostegun piriniarretako online mintegien zikloa aipatuz (#JUEVESPIRENAICOS). OPCCren zientzialarien sareko adituek sortutako sei mintegietan, bereziki zaurgarria den bioeskualde horretan klima aldaketak sortzen dituen ondorioak sakontasunez aztertu genituen. Zehazki, ziklo horren helburua izan zen OPCCri lotutako proiektuen emaitzen hedapena hobetzea eta OPCC ADAPYR proiektuaren aurrerapenak aurkeztea. Bestalde, zeharkako moduan lan egin zen OPCCren eta lurraldeko eragileen artean (sektore sozioekonomikoak, komunitate akademikoa, administrazioetako zerbitzu teknikoak eta herritarrak) hitz egiteko eta ezagutza partekatzeko espazioa sortzeko.
Online egin ziren sei saioetan nahi zuen guztiak parte hartu ahal izan zuen. Guztira 400 pertsonak baino gehiagok modu aktiboan parte hartu zuten urriko eta azaroko ostegunetan arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta zuzenean ezagutu zituzten Pirinioetako etorkizun klimatikoari buruzko aurreikuspenak, berotze globalak gure mendi gailurretako edo baliabide hidrikoetako ekosistemetan duen eragina edo Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategiaren aurrerapenak, beste gai askoren artean.
Urriaren 1eko CLIMPY mintegian Pirinioetako klima aztertu genuen, bai bere bilakaera berriena bai proiektu horretan garatutako proiekzio klimatikoak ere. Mintegi horri esker, klima adierazle nagusien joerak partekatu ziren mugaz gaindiko datu base homogeneo bateko datuetan oinarrituz.
Urriaren 8an Pirinioetako baliabide hidrikoak aztertu genituen PIRAGUA mintegian. Saio horretan, proiektuaren askotariko ekintzen arduradunek zuzenean aurkeztu zizkiguten mendizerrako gainazaleko eta lurrazpiko baliabide hidrikoen ezaugarritzeari buruzko lehenengo emaitzak eta egokitzapeneko kasu interesgarri batzuk azaldu zituzten baita ere (horietan parte hartzen ari dira mugako alde bietako eta Andorrako ur agentzia nagusiak).
Urriaren 15ean goi mendietako zohikaztegiei eta lakuei buruzko REPLIM proiektuaz hitz egin genuen; ekosistema horiek bereziki zaurgarriak dira klima aldaketaren eta berotze globalaren ondorioak direla-eta. Mintegi horretan, joerak identifikatu ahal izateko datuak eskuratzeko eta kontzientziazio lana egiteko behaketa sareak bizirik mantentzearen garrantzia aztertu genuen.
Urriaren 22an CANOPEE proiektuan Pirinioetako basoetan klima aldaketak sortutako inpaktuari buruz ateratako emaitza nagusiak xehetasunez ezagutu genituen. Mintegi horretan parte-hartze errekorra gertatu zen eta Pirinioetako baso espezie nagusiengan klima aldaketak sortutako inpaktua monitorizatzeko eta diagnostikatzeko mugaz gaindiko mekanismoak eta tresnak aztertu genituen sakontasunez.
Azaroaren 5ean, FLORAPYR mintegian mehatxatutako flora espezieen zerrenda gorriaren xehetasun guztiak ezagutu genituen eta Pirinioetako atlas floristiko berriaren berezitasunak eta elurgune berrietako floraren jarraipen gailuak aztertu genituen. Gainera, proiektuaren arduradunek parte-hartzaileei esan zieten boluntario gisa lan egin dezaketela FLORAPYR Phénoclim-Pirinioak jarraipen fenologikoaren sarean.
Bukatzeko, azaroaren 12ko mintegian OPCC ADAPYR proiektuaren azken aurrerapenak aurkeztu zituzten klima aldaketa kontrolatzeko adierazleen definizioaren, zenbait ezinbesteko sektoreetako egokitzapeneko integrazio gidaliburuen, herritarren mobilizazioaren eta Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategiaren inguruan. Gainera, arduradunek parte-hartzaileei ekiteko eta OPCC herritarren zientzia sareetan parte hartzeko, klima aldaketaren adierazle berriak batera definitzeko OPCCarekin harremanetan jartzeko eta etorkizuneko Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia batera sortzeko prozesuan parte hartzeko esan zieten.
Hemen deskarga dezakezu mintegi horren ondorioen agiria.
OPCCk eskerrak eman nahi dizkie ostegun piriniarretan gurekin batera parte hartu duten guztiei (400 pertsona baino gehiago izan dira).
Ez galdu OPCCren aurrerapenei buruzko informazioa jasotzeko aukera; eman izena gure newsletterrean.
Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia
+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org