Hemen zaude

Finantzaketa-mekanismoa: 
Poctefa Interreg 65%
Hasiera data: 
01/01/2020
Taldeburua: 
Pirinioetako Lan Erkatea
Koordinatzailearen izena: 
Eva García Balaguer
Harremanetarako pertsona: 
Eva García Balaguer
Mezua bidali: 

Helburuak

 

OPCC ADAPYR proiektuaren helburu nagusia lurraldea prestatzea da, klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko bere egokitzapena hobetze eta erresilientzia handitze aldera. Horretarako, honako hiru ekintza-ardatz nagusi hauetan jarri du arreta:

 1) Pirinioetako oinarrizko eremuetan klima-aldaketak dituen eraginei buruzko datuak BEHATZEA: baliabide hidrikoak, kriosfera, fauna, flora, basoak eta arrisku naturalak.

 2) Eskura dagoen informazioaren KAPITALIZAZIOA (dagoeneko programatuta dauden proiektuak), lurraldeko eragile ezberdinen eskaera zehatzei egokitutako tresnetan jasotzeko.

3) Sortutako ezagutza TRANSFERITZEA, bai lurraldeari, bai bertako eragileei eta, oro har, biztanleei.

Horretarako, proiektuak xede zehatz batzuk erdietsi ditu helburu hauetarako:

  • Pirinioen bi aldeetan behatzeko eta ikertzeko lankidetza sendotzea, klima-aldaketaren eraginaren oinarrizko adierazleak zehaztuz.
  • Klima-aldaketaren lehen Estrategia Pirenaikoa prestatzea, arlo horretako gainerako lurralde-estrategiekin bat etorriz.
  • Ezagutza transferitzea, informazio beharrak identifikatzea ahalbidetzen duten parte-hartze prozesuen bidez, eta funtsezko informazioa sortzea Pirinioetako sektore sozioekonomiko nagusientzako (nekazaritza, artzaintza, turismoa, energia, osasuna).
  • Erakunde eskudunekin eta izan litezkeen finantziazio-iturriekin lankidetzan aritzeko formulak bilatzea, Pirinioetan epe luzera klima-aldaketa behatzeko sareak mantentze aldera.
  • Parte hartzen duten eragileei jakinaraztea eta erabakiak haiekin batera hartzea.
  • Agerikotasun handiagoa ematea, nola Pirinioei hala klima-aldaketa globalean lurralde honek dituen berezitasun eta beharrei.

 

BEHAKETA

Emaitzak

  • Aktoreak mapatzea eta informazio-beharrei buruzko kontsulta teknikoak egitea;
  • Epe luzean klima-aldaketak izango dituen eraginen adierazleen jarraipena ziurtatzeko formulak (elkarrizketak, inkestak eta ikerlanak adierazleen oinarrizko sarearen sendotzeari buruz eta lankidetza-hitzarmenak sinatzea);
  • OPCC2 proiektuaren emaitzen balorizazioa, 1. eta 2. deialdiekin zerikusia duten proiektuak eta POCTEFA 3. deialdian programatutako 2. ardatzeko beste proiektu batzuk, 250 geruza kartografiko baino gehiagorekin, geo-atarian deskarga daitezke.
  • Goi-mendiko ekosistema sentikorretan (lakuak, zohikaztegiak eta glaziarrak) klima-aldaketak duen eraginari buruzko adierazleen jarraipen-txostenak.
  • Phénoclim eta REPLIM herritarren zientzia-sarearen dinamizazioa eta jarraipena
 

Laburpena eta helburuak:

BEHAKETA ekintzak Pirinioetan klima-aldaketari buruzko ezagutza hobetzeko helburu zehatzari erantzuten dio: oinarri klimatikoak, ahultasunak, sistema naturaletan eta giza sistemetan eraginak eta arriskuak.


Maladeta mendiguneko glaziarren bilakaeraren fitxa (gainazalaren eta lodieraren aldaketa), 1990 eta 2020 bitartean. Iturria: IPE CSICek sortutako fitxa, OPCC geo-atarian eskuragarri, glaziarren atalean.https://www.opcc-ctp.org/es/geoportal

 

Ekintza horren helburu zehatza izan da Pirinioetako eragileek klima-aldaketari buruz behar dituzten benetako informazio-beharrak identifikatzea. Horri esker, beste proiektu batzuetatik datozen eta aztertu diren gaiei (klima, baliabide hidrikoak, kriosfera, fauna, flora, basoak eta arrisku naturalak) buruzko adierazle nabarmengarriak aukeratu ahal izan dira, horiek kapitalizatzeko eta OPCCren informazio-atarian eta geo-atarian eskuragarri jartzeko.


Akuiferoaren urteko batez besteko karga-aldaketaren ehunekoa 2041-2070 aldirako, 1981-2010 aldiarekin alderatuta, RCP 8.5 egoeran: kontuan hartu dira bederatzi GCM/RCM modeloren mediana (6 SWAT simulazio + 3 SASER simulazio). Marrek simulazioen arteko adostasun-maila txikia adierazten dute (simulazioen % 80 baino gutxiago bat dator aldaketaren zeinuarekin. Iturria: OPCC geo-ataria, PYRAGUA proiektuaren datuetan oinarrituta. https://www.opcc-ctp.org/es/geoportal


Izozte-egunen joera (urteko izozte-egunen kopurua) Pirinioetan (1960tik 2020ra). Iturria: OPCC geo-ataria, CLIMPY proiektuaren datuetatik abiatuta.https://www.opcc-ctp.org/es/geoportal

Bestalde, ekintza horren bidez, klima-aldaketaren inpaktu-adierazleen oinarrizko jarraipena egin ahal izan da fenologian (baso-espezieen, floraren eta faunaren bizi-zikloa), ekosistema ahuletan (lakuak, zohikaztegiak, glaziarrak) eta baliabide naturaletan (baliabide hidrikoak), hautatutako adierazleen jarraipenaren bidez, eta herritarren zientzia-ekintzen laguntzarekin, hala nola Phénoclim.


Quercus pyrenaica-ren zaintza klimatiko erlatiboaren mapa. Pirinioetako basoetako 13 espezie arruntenen zaintza klimatiko erlatiboaren mapak kontsulta ditzakezu OPCC geo-atarian, basoen atalean. https://www.opcc-ctp.org/es/geoportal

 

ADAPYRek behaketak sendotzeko formulak bilatzea ere sustatu du, gai bakoitzeko agintaritza eskudunekin lankidetzan, klima-aldaketak epe luzean mendikatean izango duen eraginari buruzko adierazleen gutxieneko jarraipena bermatzeko.

Ildo horretatik, ADAPYRek aldebiko hitzarmenak sinatu ditu PLE lurraldeko klima-datuak honako erakunde hauekin partekatzeko: AEMET, Euskalmet, Météo France, Servei Meteorològic de Catalunya eta Servei Meteorològic d’Andorra. Hitzarmen horiek Pirinioetako ekintza klimatikoaren aldeko lankidetzan mugarria dira, eta gainera, horiei esker, mugaz haraindiko datu-base klimatiko homogeneizatua eguneratuta egongo delarik, hori Pirinioetako klima-aldaketa aztertzeko oinarria da.

Ondorioak

Klima-aldaketara egokitzeko ezinbestekoa da fenomeno konplexu horren eraginei buruzko informazio zientifiko fidagarria izatea, denbora zabala estaltzen duena. Horretarako, beharrezkoa da epe luzerako BEHAKETA sistemak mantentzea, ezinbestekoak baitira klima-aldaketaren adierazleak sortu eta jarraitzeko funtsezko informazioa izateko. Mugaz haraindiko behaketa-sare eta -ekimen horiek sendotzea, bultzatu dituzten proiektuen iraupenetik haratago, OPCCren estrategiaren oinarrian dagoen erronka da.

 

KAPITALIZAZIOA

Emaitzak

  • Klima-aldaketaren lehen Estrategia Pirenaikoa (EPiCC) elkarrekin sortzea, eskualdeetako politiketan oinarrituta;
  • Pirinioetako klima-aldaketari buruzko tokiko plangintzarako gida-lerroak: tokiko gobernantza klimatikoa tokiko eskalatik eta eskualdeko eskalara;
  • Uraren kudeaketa-planetan klima-aldaketara egokitzea integratzeko gida-lerroak;
  • Egokitzapeneko baso-kudeaketako planak egiteko gida-lerroak;
  • Flora eta fauna ahulak kontserbatzeko planetan klima-aldaketara egokitzea sartzeko gida-lerroak;
  • Egokitze-gomendioen online tresna;
  • Klima-aldaketara egokitzeko ekimenen jardunbide egokiak zabaldu eta baloratzea;
  • Lurren eta landare-formazioen berreskuratze ekologikoari buruzko laguntza teknikoak (13) eta esperimentazioak (5) (ECOVARS) eta landare-espezieak ugaltzeko gida sortzea.
 

Laburpena eta helburuak:

Klima-aldaketari buruzko ekintza zehatzen bidez berrikuntza sustatzeko helburu zehatzari erantzuten dio kapitalizazio-ekintzak, emaitzen eta proiektu arrakastatsuen kapitalizaziotik abiatuta. Ekintza horren helburua izan da klima-aldaketari buruzko ezaupideak tresna operatiboetan islatzea, horiek erabiliz lurraldeek eta eragile sozioekonomikoek erabakiak har ditzaten, klimaren gobernantza bultzatzeko eta erresilientzia handitzeko. Helburu hori lortzeko, Klima-aldaketara Egokitzeko lehen Estrategia Pirenaikoa (EPiCC) garatu da, eta PLEko 7 lurraldeek onartu egin dute.

Bi urtetik gorako parte-hartze prozesu zabalaren ondoren, non 400 lagun inguruk parte hartu duen, klima-aldaketaren aurkako borrokan Pirinioetako zazpi lurraldeak biltzen dituen mugaz haraindiko ibilbide-orria bihurtu da EPiCC. Dokumentu honek epe luzerako OPCCren ekintza-plana garatzeko eremu estrategikoa ezarri du, eta 2023-2030 Plan Eragilea garatzea da abiapuntua.


EPiCC. Klima-aldaketara egokitzeko lehen estrategia mugaz haraindiko mendialdeko bio-eskualde batean. Deskargatu dokumentua hemen:  https://www.opcc-ctp.org/es/proyecto/epicc

 

Bestalde, ADAPYR proiektuak laguntza eta kontsulta tresnak garatu ditu ere, Pirinioetako funtsezko gaien gainean erabakiak hartzen dituzten pertsonentzat.

Zehazki, proiektuaren testuinguruan, hauek argitaratu dira: klima-aldaketara egokitzeko gida-lerroak baliabide hidrikoen kudeaketa erresilienterako, baso-kudeaketa egokitzailearen gida-lerroak, Pirinioetako fauna eta flora kudeatzeko eta kontserbatzeko gida-lerroak eta Pirinioetako udalerrien tokiko plangintzan klima-aldaketara egokitzeko ekintzak sartzeko gida-lerroak. Tresna osagarri gisa, gomendio-bilatzaile bat ere sortu da. Horren bidez, gidetan dauden sektoreko gomendio nagusiak herritarren eskura jartzen dira, formatu digital eta interaktiboan, eta denboran zehar eguneratuz joango dira.


Egokitzapenerako gida-lerroak eta gomendioen online tresna.  Kontsultatu OPCCren egokitzapenerako gomendio-tresna, eta deskargatu gida-lerroak hemen: https://www.opcc-ctp.org/es/proyecto/opcc-adapyr

 

KAPITALIZAZIOA ekintzari esker, klima-aldaketara egokitzeko jardunbide egokien OPCC ataria ere garatu ahal izan da; bertan, 32 jardunbide egoki berri sartu dira, eta bakoitzak bere ikus-entzunezko eduki argia dakar.


OPCC ADAPYR egokitzeko jardunbide egokien tresna. Kontsultatu ADAPYR egokitzeko jardunbide egokiak eta bideoak OPCC webguneko tresnen atalean: https://www.opcc-ctp.org/es/buenas-practica .

 

Badakigu teoriatik praktikara pasatzea ez dela beti erraza; horregatik, atari honek egokitze-esperientzia arrakastatsu eta berritzaileen leiho bihurtzea du helburu, Pirinioetako mendikateko eskualde guztietan esperientzia horiek errepikatzeko. Atariko jardunbide egokien artean, OPCC ADAPYR proiektuak ECOVARS ikuspegia sustatu du, landare-lurzoruak eta -formazioak ekologikoki berreskuratzeko, landa-lanetan eta gaikuntza-ekintzetan aholkularitza emanez.


ECOVARS ikuspegia erabiliz berreskuratze ekologikoan benetako aldaketa, lur-irristatzeek eragindako mendoitz batean tokiko espezieak birlandatuz, Gazost-en, Midi-Pyrénées. Iturria: CBNPMP

 

 

Ondorioak:

EPiCC onartzea mugarria izan da Europa mailan ekintza klimatikoaren mugaz haraindiko lankidetzan. 350 eragilek baino gehiagok hartu dute parte proiektu horren sorreran, eta proiektuaren esparruan lehenengo 2023-2050 Plan Operatiboa prestatu da; horiek epe ertain eta luzerako OPCCren ibilbide-orria zehaztu dute. Ekimen berritzailea da, sarean eta lankidetzan hamar urte baino gehiagoren emaitza, eta PLEko 7 lurraldeek mugaz haraindiko eta mendiko ekintza klimatikoaren arloan hartutako konpromisoa islatzen du.

Bestalde, OPCCren esparruko gaikako proiektuen bidez sarean egindako lan zientifikoari esker, egokitzapenerako gaikako gida-lerroak prestatu dira. Eta dokumentu horiek egokitze-gomendioen bilatzailearekin osatu dira. Klima-aldaketaren aurrean ahulenak diren Pirinioetako sektoreen egokitze-prozesua eta erresilientzia hobetzeko balioko duten tresna sintetiko eta operatiboak eskaintzeko borondatea adierazten du bilatze horrek. Ildo horretatik, ezinbestekoa da mendiko esparruetan egokitzeko ekimen arrakastatsuen balioa azpimarratzea. Horregatik, ADAPYR proiektua aurrerako beste pauso bat izan da OPCC jardunbide egokien datu-basearen garapen ebolutiboan, esperientzia berri arrakastatsuekin, ekintza zehatzagoekin eta emaitza hautemangarri, baloragarri eta kuantifikagarriekin. Zabalkuntza horrek gai berriak biltzen ditu, hala nola energia, osasuna, tokiko gobernantza klimatikoa eta lurralde-antolamendua.

 

TRANSFERENTZIA

Emaitzak:

  • OPCC informazio-atariaren eta geo-atariaren bilakaera eta mantentze-lanak;
  • Klimari eta horrek Pirinioetan duen eraginari buruzko urteko buletinaren prestaketa (BICCPIR);
  • Sektore sozioekonomikoetarako adierazle esanguratsuak prestatzea (mutur klimatikoak, baliabide hidrikoak, agronomikoak, elur-turismoa);
  • Ingurumen-sentsibilizazioko eta -hezkuntzako jarduerak;
  • Lan-sareetan eta sektore- eta lurralde-mintegietan parte hartzea, Pirinioen barruan nahiz kanpoan.
 

Laburpena eta helburuak:

Transferentzia-ekintzak OPCCren lanen gomendioak eta emaitzak sektore-eragileei helarazteko helburu zehatzari erantzuten dio, Pirinioetako lurraldea hobeto egokitzeko eta erresilientzia handiagoa izateko. TRANSFERENTZIA ekintzaren helburu zehatzak hauexek dira: 1) klima-aldaketari buruz eraikitako ezagutza lurraldera eta haren eragileengana eramatea, eta 2) Herritarrek eta tokiko eragileek klima-aldaketari buruz duten pertzepzioa eta jarrera hobetzea.

Ekintza horren emaitza garrantzitsuenen artean dago klima-aldaketari buruzko informazio ataria eta geo-ataria eguneratu eta mantentzea, funtzionalitate berriak sartzeko, OPCC2 proiektuaren egungo atariaren bilakaeraren ondorioz. Mantentze-ebolutiboan egindako ahaleginari esker, ADAPYR proiektuak lortu du Pirinioetako klima-aldaketari buruz sortutako funtsezko informazioa sendotzea, proiektuen iraupenaz haratago, informazio kartografikoaren geo-atariaren eta informazio-atariaren bidez, 5 hizkuntzatan eskuragarri.  Zehazki, klima-aldaketaren eraginen adierazleei buruzko informazio kartografikoaren 350 geruza berri baino gehiago sartu dira, bai eta mugaz haraindiko Pirinio osorako klimari buruzko datu-base homogeneizatu eta eguneratua ere. OPCC geo-ataria, inoiz baino gehiago, basoetan, baliabide hidrikoetan eta floran klima-aldaketak duen eraginari buruzko datu klimatikoen eta adierazle sektorialen erreferentziazko biltegia da; gainera, berrikuntza gisa, Pirinioetako lurralderako fauna, kriosfera eta arrisku naturalen datuak ditu.


OPCC geo-atariaren azterketa-tresnaren pantaila-argazkia, aintziren hileko tenperaturaren atala. Laku eta zohikaztegi bakoitzak azalpen-fitxa dakar, eta hainbat hizkuntzatan deskarga daiteke. Iturria: OPCC geo-ataria, REPLIM proiektuaren datuetatik abiatuta. https://www.opcc-ctp.org/es/geoportal

 

TRANSFERENTZIA ekintzaren beste mugarri bat datu klimatikoei eta horien eragin adierazgarrienei buruzko urteko buletina (BICCPIR) izan da. Zalantzarik gabe BICCPIR sintesi-lana da, zeinari esker BEHAKETA ekintzaren emaitza nagusiak islatu daitezkeen, klima-aldaketak Pirinioetako bio-eskualdeari nola eragiten dion urteko argazki modura.


OPCC ADAPYR proiektuari esker garatutako BICCPIR urteko lehen buletinaren irudia. https://www.opcc-ctp.org/es/proyecto/opcc-adapyr

 

Bestalde, eta sektore sozioekonomikoen behar espezifikoei erantzungo dien informazioa sortzeak duen garrantziaz jabeturik, OPCC ADAPYRek adierazle adierazgarrien prestaketaren inguruan ikertu egin du mendikatean klima-aldaketarekiko oinarrizko eremu sentikorrenetarako (mutur klimatikoak, indize sektorial zehatzak, baliabide hidrikoen eta agronomikoen eskuragarritasun-adierazleak, elur-turismoa eta osasuna).

Produktu horien bidez, klima-aldaketaren aurrean herritarrek duten pertzepzioa eta jarrera hobetu nahi da. Horretarako, ezinbestekoa izan da herritarrei oro har zuzendutako ingurumen-sentsibilizazioko eta -hezkuntzako ekimen berriztatzaileetaz baliatzea, OPCC ADAPYReko kide diren erakundeen parte-hartze aktiboarekin zerikusia dutenak, klima-aldaketan espezializatutako sare, tailer, foro eta lan-talde profesionaletan.

Ekintza eta emaitza horien artean, honako hauek azpimarratu beharra daude:Klima-aldaketaren Estrategia Pirenaikoari lotutako Programa Operatibo baten garapena, EPiCCaren barne kokatuta dagoena; klima-aldaketari buruzko Scape game delakoa; edo OPCC 2018 Txostena balorizatzeko ikus-entzunezko murgiltze-produkzioa, komunitate zientifikoaren mezu nagusiak publiko guztiei helaraztea duena helburu.


Pirinioetako klima-aldaketari buruzko OPCC 2018 txostenaren balorizaziorako ikus-entzunezko edukiaren laburpena.

Ondorioak:

Garrantzitsua da mendikatearen erresilientzia hobetzeko tresna eta informazio baliagarriak eraikitzea, baina are garrantzitsuagoa da modu eraginkor eta iraunkorrean gizartearen eskura jartzea. Horregatik, ezinbestekoa da Europako proiektuek sortutako informazio guztia transferitzeko kanal eta mekanismo egokienak identifikatzea, baita proiektuen iraupenaz haratago ere. Alde horretatik, OPCCk, ADAPYR proiektuaren bidez, Pirinioetako klima-aldaketari buruzko erreferentziazko plataforma garatzen eta mantentzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, informazioa eskuragarria eguneratuz eta erreferentziazko tresna berriak argitaratuz. Horretarako ezinbestekoa da, orobat, BICCPIR buletina bezalako produktuak sortzea, halako produktuek modu sintetikoan Pirinioetako klima-aldaketak bio-eskualdean duen eraginari buruzko ideia emango baitigute. Eraginkortasunez transferitzeko beste gakoetako bat da mezuak eta informazioa xede-publikora egokitzen jakitea; horretarako, biderik egokienak aukeratu behar dira lehenik. Horregatik, ADAPYRek ingurumen-hezkuntzan eta -sentsibilizazioan jarduera eta produktu berritzaileak garatzearen aldeko apustua egin du, edo sektore sozioekonomikoei zuzeneko kontsultak egitearen alde, beharrak identifikatzeko eta berariazko informazio sektoriala sortzeko.

 

KOMUNIKAZIOA

Emaitzak:

  • OPCC webgunean aldizkako berriak eta buletinak argitaratzea;
  • Albisteak eta aipamenak komunikabideetan argitaratzea (prentsa-oharrak eta prentsa-txostenak);
  • OPCC geo-ataria erabiltzeko web-tailerra;
  • Landare-lurzoruak eta -formazioak ekologikoki berreskuratzeko ECOVARS web-mintegia, bideo bat eta fitxa tekniko bat;
  • ADAPYR Responde 1 eta ADAPYR responde 2 web-mintegiak (irteera-mintegia);
  • #JUEVESPIRENAICOS gaikako mintegiak (5 web-mintegi);
  • Klima-aldaketari buruzko ikus-entzunezko pilulak (6);
  • “Al paso del hielo” dokumentala.
 

 

Laburpena eta helburuak:

Egokitzapenerako informazioa eta produktu estrategikoak sortzeak ez du ezertarako balio, arlo horretako erdiespenen eta aurrerapenen berri herritarrei emateko gai ez bagara. ADAPYR proiektuaren erronka, funtsean, gizartearen jarrera eta portaerak aldatzea da (herritarrenak, lurraldeko kudeatzaileenak eta erabakiak hartzen dituztenenak), bizimodu osasungarria eta erresilientea suspertzeko.

OPCC ADAPYR proiektuak asmo handiko komunikazio-estrategiaren aldeko apustua egin duelarik, lau helburu zehatzetan oinarrituta dago:

  1. Publiko espezializatuari informazioa helaraztea OPCC ADAPYRren bidez eskuratutako klima-aldaketari buruzko ezaupide berrien gainean.
  2. Publiko orokorrari gertaera garrantzitsuenen berri ematea, Pirinioetako klima-aldaketaren eraginaren inguruan.
  3. OPCC ADAPYR proiektuak garatutako produktu berritzaileak lurraldeko eragile sektorialetara heltzen direla bermatzea;
  4. OPCC ADAPYR proiektuaren emaitzak transmititzea, horiek baliagarriak izan daitezen lurraldeko eragile publiko eta pribatuek klima-aldaketaren aurrean erabakiak hartzeko eta jarduteko.

Lehenengo helburua erdiesteko, #JUEVESPIRENAICOS izeneko gaikako mintegiak antolatu dira.

 

#JUEVESPIRENAICOS gaikako web-mintegien programa, non 400 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. Bisita itzazu jardunaldien bideoak OPCCren Youtube kanalean: https://www.opcc-ctp.org/es/noticia/damos-bienvenida-al-2021-un-resumen-jueves-pirenaicos

Bi hilabetez, OPCC ADAPYR proiektuak web-mintegi batzuk antolatu zituen (5), non OPCCren sare zientifikoko adituak protagonista ziren; horietan klima-aldaketak baliabide hidrikoetan, ekosistema sentikorretan, kliman, floran eta basoetan duen eraginean sakondu egin zen. Jardunaldi bakoitzean, OPCCren esparruko aurreko proiektuen emaitzetan sakondu zen (CLIMPY, CANOPEE, REPLIM, FLORAPYR eta PIRAGUA), eta ADAPYR proiektuak gaur egun martxan dituen ikerketen hasierako emaitzak aurreratu ziren, trebakuntza eta ezagutza sektoreetara transferitze aldera. Web-mintegi hauetan 400 parte-hartzailek baino gehiagok parte hartu zuten, eta hori sekulako arrakasta izan zen, bereziki COVID krisiaren garaian.

Helburu hori lortzeko ADAPYR proiektuaren beste apustu bat izan da Pirinioetako klima-aldaketari buruzko 6 ikus-entzunezko pilula eta “Al paso del hielo” dokumentala ekoiztea. Horiek ikuspegi desberdina ematen dute, zalantzarik gabe, Pirinioetako glaziarren bilakaera eta horri lotutako aldaketak ulertzeko. Ikus-entzunezko material hori guztia eskuragarri dago OPCCren youtube kanalean (https://www.youtube.com/channel/UCWCLPJjcTuZmxWlaQ3qz99g).

Bigarren helburua erdiesteko, ADAPYR proiektuak komunikazio-plan bat definitu eta ezarri du. Plan horren barruan, besteak beste, honako hauek ditugu: proiektuaren webgunean albisteak eta newsletter-ak aldizka argitaratzea (40 baino gehiago) eta twitter, facebook eta linkedin bezalako sare sozialetan edukiak eta argitalpenak definitzea.

 

ikusi ADAPYRen 50 bideo baino gehiago OPCCren youtube kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCWCLPJjcTuZmxWlaQ3qz99g/videos?view=0&sort=dd&flow=grid

 

Gainera, 12 prentsa-ohar eta proiektuari buruzko 2 prentsa-txosten bidali zaizkie komunikabideei. Ekintza horiei esker, ADAPYReko bazkideek elkarrizketa ugari eman dituzte komunikabideetan, aurrekaririk gabeko eragin mediatikoa lortuz.

Hirugarren eta laugarren helburuak lortzeko, aldebiko elkarrizketak izan dira klima-aldaketaren aurrean ahultasun handiena duten sektoreetako ordezkari nagusiekin. Gainera, gertuko lankidetza izan da PLEko 7 lurraldeetako klima-aldaketako teknikariekin (Batzorde Teknikoaren 10 bilera baino gehiago), eta, hala, proiektuari esker sortutako emaitza eta tresna nagusien komunikazio azkarra eta transferentzia eraginkorra ziurtatu dira. Ildo horretatik, ECOVARS mintegiaren antolaketa nabarmendu beharra dago, non landare-lurzoruak eta -formazioak ekologikoki berreskuratzeko gaia jorratu zen, baita OPCC geo-atariaren erabilerari buruzko web-mintegia ere.


lurzoruak ekologikoki berreskuratzeari buruzko ECOVARS mintegiaren programa: https://www.opcc-ctp.org/es/newsletter/webinario-ecovars

 

Ondorioak:

Pirinioetako klima-aldaketari buruzko proiektu federatzailea izan da OPCC ADAPYR. Ekintza klimatikoan lankidetzan aritzeko OPCC ekimena betikotzeko oinarriak ezarri ditu, proiektuaren iraupenetik haratago. Oinarrizko behaketa-sarea mantentzeari esker, lankidetza-hitzarmenak sinatzeari esker, OPCC sareko oinarrizko informazioa kapitalizatzeari esker eta EPiCC onartzeari esker, OPCC ADAPYR proiektuak benetako aldaketa ekarri du Pirinioetako bio-eskualdean ekintza klimatikoaren aldeko lankidetzan.

 

Bazkide kop: 

  • Pirinioetako Lan Elkartea (CTP);
  • la Estación Experimental de Aula Dei - Agencia Estatal Consejo Superior de Investigaciones Científicas (EEAD-CSIC);
  • Bureau de Recherches Géologiques et Minières (BRGM);
  • FORESPIR; Conservatoire botanique pyrénéen agréé Conservatoire botanique national des Pyrénées et de Midi-Pyrénées;
  • Instituto Pirenaico de Ecología - Agencia Estatal Consejo Superior de Investigaciones Científicas (IPE-CSIC);
  • Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS);
  • la Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO);
  • Ingurumenaren Euskal Erakunde Publikoa (IHOBE);
  • Nafarroako Sozietate Publikoa (NASUVINSA);
  • el Servei Meteorologic de Catalunya (SMC);
  • Centre Estudis de la Neu i de la Muntanya de l’Institut d’Estudis Andorrans, (CENMA).

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri