Klima aldaketa eta muturreko gertakariak: Txanpon beraren bi alderdiak dira?

Hemen zaude

Klima aldaketa eta muturreko gertakariak: Txanpon beraren bi alderdiak dira?

  • 03 Feb

Urte berria hastean, iberiar penintsulan eta Frantziako hegoaldean aurretik sekula gertatu gabeko ez-ohiko hotz eta elur ekaitza jazo zen. Bi egunetako elurte handietan 50 cm-ko elur metatzeak gertatu ziren eta penintsulako erdialdearen eta ekialdearen eta Frantziako hegoaldearen zati handi bat alerta egoeran egon ziren muturreko gertakizun meteorologiko horren ondorioz.

Pirinioetan tenperaturen errekor historikoa izan genuen hotzagatik, eta Errege Magoen Gauean Clot del Tuc de la Llança-ko (Pallars Sobirá, Lleida) estazio meteorologikoan -34ºC erregistratu zituzten termometroek.

.

Baina, hotz bolada dela baieztatu al dezakegu?

Hotz bolada azaltzeko definizio bateraturik ez egon arren, Meteorologiako Estatu Agentziaren arabera, ez-ohiko moduan baxuak diren tenperaturak aldi batean gertatzea da, tenperatura horiek egun batzuetan mantentzen direlarik eta lurralde zehatz bateko zati handi bati eragiten diotelarik. Agentzia beraren azterketetan, hotz aldi horiek muturreko gertakari meteorologiko gisa definitu dituzte “ 3 egunez jarraian gutxienez estazioetako % 10ean gutxieneko tenperaturak urtarrileko eta otsaileko eguneroko gutxieneko tenperaturen seriearen % 5eko pertzentiletik beherakoak izan direnean” erreferentziazko aldi jakin bat oinarri hartuz.

AEMETek eta METEOFRANCEk erregistroei buruzko datu estatistikoak argitaratu ez arren eta analisi xehatua egitea beharrezkoa izango den arren, badirudi horrela izango dela.

 

Horrelako fenomeno meteorologikoak lehen baino maizago gertatzen al dira orain?

Maiztasunak konparatzen eta joerak identifikatzen ditugunean, garrantzitsua da meteorologiaren eta klimatologiaren artean ezberdintzea.  Meteorologia une zehatz bateko baldintza atmosferiko iragankorrak aztertzen dituen klimaren zientzien adarretako bat da. Antzekotasun bat aplikatuz esan genezake, meteorologia ume batek egun eta une jakin batean duen umorea aztertzen duen zientzia dela. Ikuspuntu horretatik, Filomena ekaitzarekin batera gertatutako hotz eta elur denboralea bi egoera meteorologiko oso zehatz batzean sortu da: Cadizko golkotik zetorren jatorri tropikaleko ekaitz hezea penintsula osoan egunetan zehar aire polar hotz eta sikua botatzen ari zen eta Atlantikotik zetozen aire oso hotzeko masekin talka egin zuen. Aire hotzeko masa hori ekaitza sartzean mantendu zenez, Filomenak lurzoru oso hotzak aurkitu zituen eta oso azkar, hezetasuna elurte bilakatu zen eta aire hotzak iraun egin zuenez, izotza ere sortu zen.

Alderantziz, egoera horrek patroi bat ote duen jakiteko edo zehazteko denboran iraungo duen jokaera zikliko jakin bat duen edo ez, klimatologiara jo behar da. Klimatologia, bere aldetik, leku geografiko bateko baldintza atmosferiko iraunkorrak edo ohikoak analizatzen eta aztertzen dituen zientzia da. Beste hitz batzuekin esanda eta aurreko metaforari jarraikiz, umearen izaera aztertzea litzateke. Lurra aztertzen duen zientzia horrekin eta ez meteorologiarekin aurki ditzakegu erantzunak, jakiteko ea klima aldaketaren ondorioz horrelako eta bestelako fenomeno meteorologiko muturrekoen maiztasuna eta intentsitatea gehitzen ari den.

Horri dagokionez, AEMETek 2020an “1975etik Espainian gertatu diren aire hotzeko boladak- Datu Klimatologikoen Banku Nazionaleko Zerbitzua-” izeneko azterketa eguneratu zuen. Txosten horri esker dokumentatu ahal izan da nola une bakoitzeko pertzepzio subjektiboez haratago, azken 45 urteetan hotz boladak gutxitzen joan diren kopuruari eta iraupenari dagokionez (1. irudia): 1976-1990 urteen artean 23 hotz bolada gertatu ziren Espainian, hurrengo hamabost urteetan (1991-2005) 20, eta, azkenik, azken hiru bosturtekoetan (2006-2020) bakarrik 16.


1. irudia: hotz boladen bilakaera (morea), neguan hotz boladak zenbat egunetan gertatu ziren (gorri iluna) eta hotz boladen iraupena (horia), 1975etik 2019ra. Iturria: AEMET 2020.


2. irudia: Pirinioetan gertatutako izozteen egun kopuruaren bilakaera (ezkerrean) eta adierazle beraren proiektatutako bilakaera (eskuinean). Iturria: POCTEFA CLIMPY proiektuaren behin-behineko emaitzak.

Hala ere, esan genezake klimatologiaren puntu ahula dela joera sendoak eta fidagarriak identifikatu ahal izateko datu serie oso luzeak eta/edo oso homogeneoak behar izatea. Alde batetik, muturreko fenomenoei buruzko serie historiko gutxi ditugu (izatez arraroak baitira), eta horrek esan nahi du, horien bilakaera aztertzeko datu gutxiago daudela eskuragarri. Bestalde, lurraldeko zenbait zonetan, besteak beste mendietan (bereziki 1.500 metrotik gorako kotetan), estazio gutxiago daude, eta, horrek datuen “hutsune” bat sortzen du zenbait zona, altuera eta aldagairi dagokienez. Horren guztiaren ondorioz, analisietan ezberdintasunak egoten dira elur datuak aztertzean. Horri dagokionez, OPCC Zaragozako Unibertsitatearekin, Espainiako, Frantziako eta Andorrako Meteorologiako estatu eta eskualde agentziekin eta bestelako erakunde zientifikoekin batera, orain dela hamarkada batetik lanean ari da Pirinioetako klimaren azterketak sendoagoak izan daitezen datu klimatikoen baseak hobetzeko, eta administrazio mugak gainditu dituzte hori guztia egite aldera.    

 

Klima aldaketak eraginak sortzen al ditu muturreko gertakari meteorologikoetan?

Ezin da egiaztatu Filomena mundu mailako krisi klimatikoaren ondorio zuzena edo bakarra denik, baina nazioarteko komunitate zientifikoak ziurtasunez egiaztatu du lurreko batez besteko tenperatura edozein arrazoi dela-eta gehitzen edo gutxitzen denean, muturreko gertakari meteorologikoek aldaketak izaten dituztela.

Datu zehatzagoak falta arren, esan dezakegu hotz boladen kasuan, badirudiela Espainiako joera beheranzkoa dela. Hala ere, aipatu beharra dago bero boladak askoz ere hilgarriagoak direla eta Mediterraneoko arro guztian zehar horien maiztasuna eta tamaina nabarmenki hazi dela (3. irudia).


3. irudia: Europan 1980 eta 2015 urteen arteko udetan gertatutako bero boladen tamainaren adierazlearen bilakaera (HWMId4) (30°-75°N, 0°-45°E), Hadley Center-Global Historical Climatological Network (HadGHCN) zentroko eta Ingurumen Aurreikuspeneko Zentro Nazionalen/Ikerketa Atmosferikoko Zentro Nazionalaren (NCEP/NCAR) eguneko gehienezko tenperaturaren datuekin kalkulatuta. Iturria: Zhang et al, 2020.

CLIMPY (Interreg-Poctefa) proiektuak muturreko tenperaturen inguruan egindako aurretiazko azterketen arabera, ziurrenik hurrengo hamarkadetan joera hori baieztatu egingo da Pirinioetan; bertako eredu nagusiek aurreikusi dute bolada epelak 40 egunera arte gehituko direla, bereziki, mendilerroaren hegoaldeko isurialdean (4. irudia).


4. irudia: Emisio egoera ezberdinetan Pirinioetako bero boladen egunen batez besteko aurreikusitako bilakaera (ezkerrean) eta adierazlearen balioaren aldagarritasun espazialaren irudia, RCP8.5 eredua erabiliz. Iturria: POCTEFA CLIMPY proiektuaren behin-behineko emaitzak.

Azterketa entzutetsuek kalkulatu dute lurrean gertatutako muturreko bero boladen % 75 gizakien zuzeneko jardueren ondorioz gertatu dela (Fischer eta Knutti, 2015). Badirudi, gainera, 1980tik aurrera nabarmenki gehitu direla muturreko prezipitazioak eta gehikuntza hori bat dator mundu mailako batez besteko tenperaturaren gehikuntzarekin (Lehmann et al., 2015).

Ebidentzia zientifikoak geroz eta irmoagoak dira. Badirudi mundu mailako tenperaturaren batez besteko balioen aldaketak eta muturreko egoera meteorologikoen jokaera aldaketak klima aldaketa antropogenikoaren ondorio zuzenak direla (IPCC. 2015; EEA. 2016).

Beraz, klima aldaketaz hitz egitean ez dugu kontuan hartu behar bereziki hotza izan den neguaren pertzepzio subjektiboa, eta patroi historikoetako joerak eta aldakuntzak aztertzen jarraitu behar dugu. Klima aldaketaren ondorioz kontraste handiak gertatzen dira, eta ez dugu ahaztu behar 2020a sekula erregistratutako urterik beroena izan dela; 2015., 2016., 2017. eta 2018. (Copernicus, 2020 eta OMM 2019) urteetako datuak ere antzekoak izan ziren.

 

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri