Hemen zaude

OPCC hitza hartzera gonbidatu dute “Pirinioetako eskualdean klimaren aldaketari aurre egitea” ekitaldi paraleloan, Nazio Batuetan

  • 27 Jan

2019ko martxoaren 4an, Idoia Arauzo OPCCko koordinatzaileak, “Pirinioetako eskualdean klimaren aldaketari aurre egitea” ekitaldi paraleloan hartu zuen parte, Nazio Batuen New Yorkeko egoitzan. Ekitaldia Andorrak NBEn duen Ordezkaritza Iraunkorrak antolatu zuen, Espainiako eta Frantziako Ordezkaritza Iraunkorrekin elkarlanean.

Klimaren aldaketak mendiko ekosistemetan eta sektore sozioekonomikoetan dituen ondorioak aztertzea eta Pirinioak bezalako mendiko bio-eskualdeetan egokitzapenerako politikak garatzeko funtsezko beharra berrestea izan da ekitaldiaren gai nagusia. Ekitaldiaren beste helburu garrantzitsu bat mendiko komunitateentzat 2030 Agenda ezartzearekin erlazionatutako erronkak eta aukerak identifikatzea izan da.

Koordinatzaileak OPCCren azken txostenean argitaratutako esperientziak eta aurkikuntzak partekatu ditu: “Klimaren aldaketa Pirinioetan: eraginak, urrakortasunak eta egokitzapena. Pirinioetan klimaren aldaketara egokitzeko etorkizuneko estrategiarako ezagutza-oinarriak.” Idoiak azpimarratu duenez, Pirinioak bezalako mendilerroek ur-erreserba naturalak osatzen dituzte, eta horien mende dago etorkizuneko ur-hornidura eta elikagaia. Gainera, nabarmendu duenez, mendiak beste bio-eskualde batzuk baino sentsibleagoak dira klimaren aldaketaren aurrean, eta Pirinioetako batez besteko tenperatura Europako batez bestekoa baino %30 gehiago igo dela adierazi du.

Pirinioak bezalako mendiko bio-eskualdeak mugaz haraindiko lurraldeak dira askotan, eta horietan lankidetza funtsezko lan-esparru gisa agertzen da klimaren aldaketara egokitzeko politikak modu eraginkorrean gauzatzeko.

OPCC Pirinioetako Lan Elkartearen (CTP) ekimena da, eta CTPko 7 lurraldeetako ordezkariek osatzen dute: Andorrako Printzerria, Frantziako Nouvelle-Aquitaine eta Occitanie eskualdeak eta Espainian dauden Aragoi, Katalunia, Euskadi eta Nafarroako Autonomia Erkidegoak. CTPk klimaren aldaketak Pirinioetan duen eraginaren jarraipena sustatzen du OPCC ekimenaren bidez. Gaur egun, Aragoiko Autonomia Erkidegoak du CTPren lehendakaritza. Lehendakaritzatik, 2018-2024ko Pirinioetako Estrategia gidatzen ari dira. 1. ardatzak, “Klimaren aldeko Ekintza” izenekoak, eremu horretan estrategia ezartzeko funtsezko tresna gisa identifikatzen du OPCC.

OPCC2 eta bere bazkideak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (FEDER) %65eko finantzaketa jaso dute, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jarduerak garatzen laguntzen du, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bidez. 

Ekitaldi horretan parte hartuz, OPCCk Pirinioak nazioartean ikusarazi ditu, gizartea mendiko ekosistemen hauskortasunaz kontzientziatu nahi izan du, mendi-eremuetan klimaren erronkei aurre egiteko oztopo ohikoenak identifikatu nahi izan ditu, eta klimaren aldaketaren aurkako borrokan mugaz gaindiko lankidetzak duen zeregina azpimarratu nahi izan du.

Archivo

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri