Klimaren aldaketa Pirinioetan: eraginak, urrakortasunak eta egokitzapena txostena OPCCk Pirinioetako Lan Elkartearen Osoko Kontseiluaren barruan Arrisku Naturalei eta Klimaren Aldaketari buruz antolatu zuen Jardunaldian aurkeztu zen, azaroaren 12an eta 13an, Zaragozan. Espainiatik, Frantziatik eta Andorratik etorritako klimaren aldaketaren inguruko hogeita hamar bat adituk txostenaren hainbat atal aurkeztu zituzten, eta Pirinioetako mendilerroko sektore biofisiko eta sozio-ekonomiko nagusietan klimaren aldaketak duen eraginari buruz eztabaidatu zuten. Pirinioetako batez besteko tenperatura munduko batez bestekoa (0,85ºC) baino %30 gehiago (1,2ºC) igo da azken 50 urteetan. Azken 35 urteetan Pirinioetako glaziarren erdia desagertu da, hegazti migratzaile batzuek 60ko hamarkadatik hona hamar egun arte aurreratu dute etorrera, eta erdialdeko Pirinioetan elurraren batez besteko lodiera %50eraino murriztu daiteke estimazio baikorrenen arabera. Horiek dira Klimaren aldaketa Pirinioetan: eraginak, urrakortasunak eta egokitzapena txostenak ematen dituen datuetako batzuk. Aragoi, Nafarroa, Katalunia, Euskadi, Nouvelle-Aquitaine, Occitanie eta Andorrako 100 adituk baino gehiagok azken bi urteetan egindako dokumentua da, Pirinioetako lurralderako adostasun zientifiko zabala dakarrena, eta Klimaren aldaketaren Pirinioetako Behatokiak (OPCC) koordinatu duena, OPCC2ren, Pirinioetako Lan Elkartea buru duen POCTEFA proiektuaren, barruan.
Karbono isurketa askorik sortzen ez duen arren, Pirinioak bio-eskualde bereziki sentsiblea da, eta oso urrakorra klimaren aldaketaren ondorioen aurrean. Txosten horren bidez, Pirinioetako lurraldearen eraginari eta urrakortasunari buruzko ezagutza zientifikoaren oinarriak eguneratu nahi dira, aurre egin beharreko erronka nagusiak adostu, eta aldaketa globaleko testuinguru batean klimaren aldaketara egokitzeko gomendio sektorialak proposatu. OPCCk koordinatutako dokumentuak ebidentzia zientifikoan oinarritutako politikarako laguntza izan nahi du.
Deskargatu txosten osoa eta laburpen exekutiboa baita euskaraz ere..
Bideo honetan, Pirinioek klimaren aldaketaren arloan dituzten 10 erronka garrantzitsuenak aurkezten dira.
Pirinioetako Lan Elkartetik, klimaren aldaketaren aurkako borroka eta haren ondorioetara egokitzea, Pirinioek aurrean dituzten erronkei, bioaniztasunaren galerari edo paisaietan eta ekosistemetan gertatzen diren aldaketei, heltzeko aukera dela ulertzen dugu.
Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia
+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org