Egungo klima aldaketa ulertzeko eta testuinguru globalean jartzeko, ezinbestekoa da klimak iraganean izan duen bilakaera ezagutzea. Atmosferaren, hidrosferaren eta kriosferaren arteko elkarreraginek neurketa instrumentalek baino denbora-eskala handiagoak dituzte. Besteak beste glaziar, ibai eta aintzira deposituen azterketari esker, iraganean Pirinioetan izandako klima aldaketa nagusiak berreraiki ahal izan dira.
Kuaternarioan (azken 2,6 milioi urteetan), glaziaraldien eta glaziaren arteko aldien segidak Pirinioetako paisaia modelatu dute eta bertako ekosistemen eta, berriki, giza komunitateen bilakaera zehaztu dute. Garai hotz eta bero horien segida planeta mailan sinkronikoa den arren, Pirinioetako glaziarren hedadura handiena duela 60.000 urte gertatu zen, eta ez duela 20.000, Europako gainontzeko tokietan bezala, aldaketa txiki batzuekin haranen artean. Berezitasun hori Pirinioetako glaziarren hegoaldeko posizioari eta Ipar Atlantikoko prozesu atmosferikoen eta ozeanikoen, alde batetik, eta subtropikalen, bestetik, arteko elkarreraginaren ondorioa da.
Azken deglaziazioan, batez besteko tenperatura aldaketak 6ºC artekoak izan ziren, eta hamarkada gutxi batzuetan klimaren aldaketa azkarreko aldiak 1ºC baino gehiagokoak izan ziren. Holozenoan (azken 11.700 urteetan) tenperatura aldaketak txikiagoak izan ziren, baina fase heze/lehor ugari erregistratu ziren. Azken milurtekoan, fase bereziki lehorra eta beroa izan zen (Erdi Aroko Klima Anomalia, 900 -1.300 EE), eta klimaren aldaketari dagokionez, egungoarekin antzekotasun handiena izan duen aldia izan zela esan daiteke.
Garai horren ondoren Izotz Aro Txikia etorri zen, bizi garen berotze globala baino lehenagoko azken fase hotza (1.300 - 1.850 EE). Azken 2.000 urteetako klimaren aldakortasuna prozesu atmosferikoen (NAO, Ipar Atlantikoko Oszilazioa, EA Ekialdeko Atlantikoko Oszilazioa, eta SCAN, Eskandinaviako Oszilazioa), korronte ozeanikoen aldaketen, intsolazioaren eta bulkanismoaren arteko elkarreraginek kontrolatu dute batez ere. Elkarrekintza horiek, gainera, lurralde eta denbora arloko hezetasun eta tenperatura gradienteak azal ditzakete.
XX. mendeko berotze globalean tenperaturaren igoera-tasa, trantsizio glazialena/interglazialena eta Holozenoan izandako aldaketena baino handiagoa da. Beste era batera esanda, Lurrak ez du inoiz oraingoa bezain klimaren aldaketa azkarrik izan.
1949 eta 2010 artean, Pirinioetako batez besteko tenperaturak gora egin du nabarmen, baina beroketa ez da ez konstantea ez erregularra izan. 1980ra arte anomalia negatiboak izan ziren nagusi, eta tenperaturak beherako joera izan zuen. 80ko hamarkadatik aurrera joera hori alderantzikatu egin zen, gaur egunera arte era sistematikoan goranzko anomalia positiboak erakutsiz. Aztertutako aldi osorako urteko batez besteko tenperaturaren igoeraren adierazlearen joera positiboa da, eta estatistikaren ikuspegitik esanguratsua, eta bere balioa 0,2°C-koa da hamarkada bakoitzeko (1. irudia).
Azken 50 urteetan (1949-2010) tenperaturaren igoera hori orokorra izan da Pirinioetako mendilerro osoan, alde txikia erakutsiz iparraldeko isurialdearen eta hegoaldeko isurialdearen artean, eta nabarmenagoa udako sasoian (ekainean, uztailean eta abuztuan).
Serie osoan, urterik beroena 1997koa izan zen, batez besteko tenperatura 1961-1990 aldiko batez besteko balioa baino 1,5°C altuagoa izanik, eta horren ondoren 2003 eta 2006 urteak etorri ziren. Aldiz, 1972 izan zen hotzena, erreferentziazko batez bestekoa baino 0.8ºC gutxiagorekin, eta horren ondoren 1963 eta 1980 urteak etorri ziren.
Prezipitazioei dagokienez, urteko bolumenak behera egin duela hautematen da, neguan eta udan izandako beherakadaren ondorioz, batez ere. Prezipitaziorako klima-adierazleak erakusten du azken 50 urteetan (1949-2010 aldiko datuen arabera) prezipitazioak %2,5 jaitsi direla hamarkada bakoitzean.
Joera horren balioak aldakortasun handia du urtetik urtera, eta baita hamarkaden artean ere. Oro har, azken hamarkadetan urte lehorrak izan dira nagusi, eta urteko prezipitazio-kopuruak erreferentziazko aldiko batez bestekoa baino dezente txikiagoak izan dira, baina tartean zenbait urte oso euritsuak izan dira, eta prezipitazioak aldiko batez bestekoaren gainetik egon dira. Lurraldeen arteko aldeei dagokienez, urteko prezipitazioaren beherakada handiagoa izan da hegoaldeko isurialdean iparraldekoan baino, baina kontrasteak ez dira garrantzitsuak izan. Prezipitazioak murrizteko joerak ez du urtaroen araberako joera argirik edo esanguratsurik erakusten estatistika-mailan, baina zertxobait nabarmenagoa da neguan eta udan.
Azken mende erdian elur-mantuak izan duen bilakaeraren azterketak zailtasunak ditu, ez baitago datu historikoen denbora-segida behar bezain jarraitu eta sendorik. Horren arrazoia, altueran gora egin ahala beharrezko neurketak egiteko tresneria instalatzea eta mantentzea gero zailagoa dela da. Hala ere, hegoaldeko isurialdeko baliza-saretik datozen datuetatik abiatuta, estatistikaren ikuspegitik esanguratsua den sektore horretako elur-mantuaren beherakada identifikatu da 1950etik gaur egun arte (3. irudia).
Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia
+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org