Hemen zaude

Klimaren aldaketak Pirinioetako ibaietan eta lakuetan aldaketak eragin ditzake, ibaien urteroko ekarpenean, batez ere.

Klimaren aldaketak aldakuntzak eragin ditu azken hamarkadetan Pirinioetako ibai askoren urteko batez besteko ekarpenetan. Hala ere, aldaketa horiek klimaren arrazoiei zein lurzoruaren eta landare-estalkiaren erabileren aldaketei egozten zaizkie, eta zaila da faktore bakoitzaren eragina bereizita kuantifikatzea.

Ebro ibaiaren arroan, urteko emaria %50 baino gehiago jaitsi da, 1950-2010 artean aztertutako ur-emariekin alderatuta.

Berotze globalak ibaien hileroko erregimenean ere eragin ditzake aldaketak.

Neguko elur-pilaketak behera egin duenez, tenperaturak altuagoak eta elur formako prezipitazio kopurua txikiagoa direla eta, neguan emariak handitzen ari dira.
Lehorteen maiztasun eta intentsitate handiagoa, ordea, ibaien emariak murriztea eragiten ari da udan eta udazkenean. XXI. mendearen azken laurdenean, 1.500 metrotik beherako elur-metaketa %78 murriztu daiteke.

 

Klimaren aldaketak lur azpiko uren kalitatean eta kantitatean ere izan dezake eragina.

Azaleko eta sakonera txikiko akuiferoak bereziki sentisbleak dira klimaren baldintzetan gertatzen diren aldaketekiko.
Litekeena da lehen aipatutako balantze hidrikoko aldaketek akuiferoen kargan eta deskargan ere eragina izatea, eta ur-eskasia sortzea urtegi-ahalmen nahikorik ez duten eremuetan. Azterlan nagusiek erakusten dutenez, akuiferoen birkarga %20raino murriztu daiteke mendikateko zenbait gunetan mendearen erdialdean. Horrek iturburu askoren emaria murriztea ekar lezake.

 

Tenperaturen gorakadak eta klimaren aldaketak eragindako uraren zikloaren aldaketek Pirinioetako uren ezaugarri fisikoak eta kimikoak alda ditzakete, eta haien kalitatean eragin.

Lehorteek eta agorraldi luzeenek eragin zuzena dute uren konposizio kimikoan; izan ere, ur-kantitatea murriztean, kutsatzaileen kontzentrazioa handitu egiten da, eta uren kalitatea murriztu. Bestalde, uholdeek eta uholdeen maiztasun eta intentsitate handiagoak ibaietara elikagai eta substantzia kutsatzaile gehiago ekartzea eragin lezakete. Kalitatearen (kimikoa eta ekologikoa) eta emariaren arteko harreman estu hori guztiz onartu eta integratu da Europako Uraren Esparru Zuzentarauan. Emari txikien eta uretako komunitate biologikoei eragiten dieten substantzia toxikoen presentziaren konbinazioak egitura-arazoak eta arazo funtzionalak eragiten dituzte ibaien ekosistemetan.

 

Klimaren aldaketak ur-masetan dituen inpaktu ugariek ondorio larriak eragin ditzakete ur-masen osaketa biologikoan.

Ibaiak eta errekak beroago bihurtu ahala, ur beroetako arrainak euren habitateko ur hotzagoetara joaten dira. Klimaren aldaketaren ondorioz, ur kontinentaletako hainbat espezie altitude garaiagoetara sakabanatu direla egiaztatu da.

Klimaren aldaketak alga-komunitateei ere eragiten die, eta baita, oro har, uren produktibitateari ere, goi-mendiko lakuen kasuan mantenugaien kontzentrazio handiagoa, tenperatura altuagoak eta argi-ordu gehiago daudelako.

Aholkuak

  • Klimaren aldaketak baliabide hidrikoei dagokienez dituen erronkei heltzeko, beharrezkoa da lurraldearen kudeaketaren ikuspegi integratzailea hartzea, uraren erabileraren lurralde-banaketa birplanteatzeko.
  • Ezagutza-hutsuneei dagokienez, klimaren aldaketak Pirinioetako ziklo hidrologikoan duen eraginari buruzko azterlanak birbideratu beharko dira, mendilerro osoa kontuan har dezaten, bi isurialdeak unitate berean integratuz.
  • Klimaren aldaketaren jarraipena egiteko sareen garapena eta mantentze-lanak ere sustatu behar dira, klimaren aldaketak balantze hidrologikoan duen eraginaren jarraipena eta karakterizazioa errazten duten adierazleak barne.

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri