Hemen zaude

Nekazaritza eta abeltzaintza funtsezko sektore sozioekonomikoak dira, Pirinioetako bi isurialdeetan duten balio estrategiko, ekonomiko eta lurralde mailako handiarengatik. Mendi-larreak funtsezko baliabidea dira sektorearentzat, eta, gainera, zerbitzu ekosistemiko ugari ekartzen dizkiote gizarteari, ekoizpen-zerbitzuak, bioaniztasuna mantentzekoak, paisaia-baliabideak, kalitatezko ur-baliabideak eta karbono-hustubideak, besteak beste. Klimaren aldaketak eta klima eta ingurumen aldagai nagusietan dituen zuzeneko ondorioek Pirinioetako nekazaritzan, larreetan eta abeltzaintza-sektorean eraginak izan ditzakete, tamaina eta ezaugarri desberdinetakoak, eremuen arabera. Inpaktu horiek, ziurrenik, sinergian jardungo dute sektoreak gaur egun aurre egin behar dien arazo sozioekonomikoekin, erronka erantsia izanik. Eragin horien magnitude zehatzari buruz ziurgabetasunak dauden arren, litekeena da datozen hamarkadetan klimaren aldaketak erronka erantsia izatea sektoreak aurre egin behar dien egungo arazo sozioekonomikoentzat, belaunaldi-ordezkapen ezarentzat, prezioen gorabeherentzat edo jarduera bertan behera uztearentzat, besteak beste.

Mendiko larreen produktibitatea handitzeko aukera

Mendiko larreak, nekazaritza eta abeltzaintza sektorerako funtsezko baliabidea izateaz gain, bioaniztasun eta paisaia eta kultura balio handiko nekazaritza-sistemak dira. Pirinioetako larreen produktibitatea gehiago mugatzen dute tenperatura baxuek ur-eskasiak baino. Horregatik, aurreikustekoa da batez besteko tenperaturen igoerak, atmosferako CO2 kontzentrazio handiagoaren ongarritze-efektuarekin batera, mendiko larreen produktibitatea handitzea ekarriko duela, baldin eta udaberrian eta udan lehorteak oso larriak ez badira. Aldiz, larreen ezaugarrietan eta kalitatean ere aldaketak eragin, eta sektorearentzat ondorio kaltegarriak izan ditzake.

Bestalde, oso litekeena da lehorteen eta muturreko beste klima elementu batzuen maiztasun eta intentsitate handiagoak, eurite handiek eta datozen hamarkadetarako aurreikusitako bero-boladek, besteak beste, eragin negatiboa izatea larreetan, eta CO2 kontzentrazio handiagoaren eta tenperaturen igoeraren eragin ongarria ere hutsean uztea. Hala ere, pentsatzekoa da ondorio horien magnitudea eta norabideak ere desberdinak izango direla kontuan hartutako lekuaren eta denbora-mugaren arabera. Larreen ekoizpenari eragiteaz gain, ingurumen-klima-baldintzetan izandako aldaketek bazka-espezieen egungo banaketa alda lezakete, mendiko bazka-komunitateetan ohikoak diren espezieen osaera aldatuz, larreak sastrakatzeko prozesua bizkortzen lagunduz. Prozesu horren bidez, sastrakak estaliko ditu garai batean goi-mendiko larreak hartzen zituzten eremuak. 

Bestalde, neguko tenperaturek gora egin ahala, elur artifiziala modu eraginkorrean ekoizteko ahalmena ere gero eta txikiagoa izango da. Azkenik, bero-boladek eta lehorteek aldaketa fisikoak eta kimikoak eragiten dituzte larreetan, eta horiek zelula-ehunetan kalteak eragiten dituzte askotan, bazkaren kalitatea gutxitzea eraginez. Epe luzera, aldaketa horiek animalia-ekoizpenaren eta produktu eratorrien (haragi-produktuak edo esnekiak) errendimendua eta azken kalitatea ere alda ditzakete.  

 

Labore batzuen klima-egokitasuneko eremuen leku aldaketa

Klimaren baldintzak aldatzeak labore batzuk behar bezala hazteko egokiak izan daitezkeen eremuak lekuz aldatzea eragingo du ziurrenik. Landatutako espezie batzuentzat haien banaketa potentzialaren eremua murriztu egin daitekeen arren, artoaren kasuan bezala, beste labore batzuek, mahatsondoak edo olibondoak kasu, onurak izan ditzakete. 

Batez besteko tenperaturen gorakadari eta izotza egiten duten egun kopuruaren beherakadari esker, hotzaren aurrean bereziki sentikorrak diren laboreek, hala nola mahatsondoak eta olibondoak, beren banaketa potentzialaren eremua latitude eta altitude handiagoko lurretara heda lezakete, orain arte klimaren baldintzek horretarako aukerarik eman ez duten tokietara, hain zuzen ere. 

 

Nekazaritza-ekoizpenaren errendimendua murriztea klimaren aldakortasun handiagoaren eta muturreko klima gertakarien ondorioz

Nekazaritzako laboreen eta larreen ekoizpen-ahalmena asko baldintzatzen dute bi faktorek: tenperaturak eta lurzoruan dagoen ur-kantitateak. Klimaren aldaketak eragin zuzena du bi aldagaietan, eta eragin negatiboak izan ditzake azken ekoizpenaren kantitatean eta kalitatean. Gainera, muturreko klima-gertaerek (bero-boladak, lehorteak eta prezipitazio handiak) eraginak izan ditzakete, unean unekoak izan arren, laboreetan oso esanguratsuak izango direnak. Pirinioetan ikusitako eta aurreikusitako eragin nagusien artean daude, alde batetik, aldaketa agrofenologikoak (aldaketak labore nagusien urteko zikloaren egutegian), eta ziklo begetatiboaren aldaketaren eta muturreko klima gertaeren maiztasun eta intentsitate handiagoaren ondorioz laboreen produktibitatean eta kalitatean izandako aldaketak. 

Kalkulatu denez, 1985 eta 2014 artean, Pirinioetan, gariaren loraldia 0,35 ± 0,15 egun aurreratu da urtean batez beste. Loraldia bezala, heltze-data ere aldatu da, eta, beraz, bilketa egiteko unea ere nabarmen aurreratu da azken hogeita hamar urteetan. Aurreratze horrek ziklo begetatiboaren azelerazio nabarmena dakar, eta, oro har, ondorio negatiboak dakartza ekoizpenean.

Mahastizaintzako sektorearen kasuan, loraldiaren eta bilketaren aurrerapenak ekoizpenaren murrizketa esanguratsuak ekar ditzake zenbait arlotan. Mahatsa loratzeko eta biltzeko data 40 egunera arte aurreratu daiteke 2040-2070 aldian, 1980-2005 aldiarekin alderatuz. Era berean, bero-boladen eta eurite handien maiztasun eta intentsitate handiagoak eragin negatiboa izan dezake zenbait frutaren ekoizpenean, mahatsean, besteak beste, fruituak ur asko xurgatzen eta galtzen baitu denbora gutxian, hidratazioaren eta lehortze jarraituaren ondorioz fruituaren azala apurtuz. Tenperaturen igoera-maila ertainetan mahatsondoaren produktibitateak gora egin dezakeen arren, uztaren kalitatea eta azken produktuaren propietateak ere alda daitezke (ardoaren alkohol-gradu handiagoa). Litekeena da, klimaren aldaketaren ondorioak areagotu ahala, sektoreak bere ekoizpen-teknikak apurka-apurka aldatu behar izatea, eta baita landutako barietateak nekazaritzako eta klimako baldintza berrietarako egokiagoak diren beste batzuengatik aldatzea ere, Pirinioetako toki eta barietate espezifikoei lotutako jatorri-izendapena duen ekoizpenerako egon daitezkeen balizko arazoak planteatuz.

Laboreen hazkunde egokirako funtsezkoa den beste alderdi bat uraren eskuragarritasunaren eta eskariaren arteko erlazioa da. Prezipitazioen erregimenaren gero eta aldakortasun handiagoa eta lehorteen maiztasun eta intentsitate handiagoak desorekak sortzen ari dira laboreen gero eta eskaera hidriko handiagoaren eta lurzoruan gero eta ur gutxiago egotearen artean, eta hori laboreen defizit hidrikoko egoera gisa definitzen da termino agronomikoetan.

 

 

 

Estres termikoa eta aziendaren gaixotasunak zabaltzeko arriskua handitzea

Abeltzaintzako ekoizpenari ere eragiten dio klimaren aldaketak, bai zuzenean, bai zeharka ere. Alde batetik, tenperaturan eta hezetasunean gertatzen diren aldaketek eragin zuzena dute animalien osasun egoeran eta errendimenduan. Bestalde, tenperatura altuek eta muturreko klima ezaugarriek zeharka eragin diezaiokete animalien ekoizpenari, larreen eskuragarritasun eta kalitate txikiagoaren bitartez. Gainera, klimaren baldintza berriek aziendaren gaixotasunen hedapen eta prebalentzia handiagoa eragin lezakete, bektoreek transmititutakoak barne. 

Estres termikoa jasaten dutenean, animaliek janari-kontsumoa eta jarduera metabolikoa murrizten dituzte, eta horrek zuzenean eragiten die elikadura-egoerari eta ugalketa-errendimenduari eta, osasunari eta ongizate-egoerari oro har. Estres termikoaren baldintzak luzatzen badira, hiltzeko arriskua ere handitu egiten da. THI (Temperature Humidity Index ingelesez) tenperatura eta inguruneko hezetasun balioak uztartzen dituen estres termikoaren adierazlea da. Azken hamarkadetan, indize horrek bere balioa handitu du Europa osoan, abeltzaintzan eragin negatiboak sortuz. Litekeena da etorkizunean aziendarako estres termikoko egoerak ohikoagoak eta biziagoak izatea Pirinioetan. Egokitzeko neurri egokirik ezean, klimaren aldaketak eragin negatiboa izan dezake mendiguneko abeltzaintza-ustiategien errentagarritasunean, erdi-mendiko haranetan dauden ustiategi intentsiboetan, eta udako hilabeteetan, batez ere. Bestalde, klimaren aldaketa, gaixotasunak eragiten dituzten organismoen eta horien hedapen-bektoreen gero eta hedapen eta transmisio handiagoan inplikatutako faktoreetako bat da, ondasunen eta pertsonen mugikortasun handiagoarekin sinkronian. Ondorioz, oso litekeena da tenperaturak gora egin ahala mendigunearen lurraldean dauden gaixotasunen bektore batzuen banaketa-eremua ere zabaltzea. Izan ere, toki horietan klimaren baldintzak ziklo biologikoetara egokitu dira. Aldi berean, organismo patogeno berrien inportazioa, ezarpena eta hedapena erraztu daiteke. Gainera, bektore autoktonoen garapen zikloaren iraupena murriztea ere gerta liteke, eta baita eragile patogenoen transmisiorako egokia den urtaroa luzatzea ere.

 

Produktibitatea handitzeko aukera, hazkunde-denboraldia luzatzeagatik eta atmosferako CO2ak ongarritzeko duen ahalmenarengatik

Oso litekeena da hurrengo hamarkadetarako aurreikusitako tenperaturen gehikuntza progresiboak labore askoren hazkunde-denboraldiaren luzapena eragitea, erdi-mendiko haranetan batez ere. Gainera, CO2 atmosferikoaren kontzentrazio handiagoak efektu ongarria izan dezake laboreetan, handiagoa edo txikiagoa labore motaren eta gainerako faktore mugatzaileen bilakaeraren arabera, ura edo zenbait nutriente, besteak beste.

Izotzik gabeko urtaroaren iraupena landare gehienen hazkunderako garairik onena da, eta egutegiaren araberakoak dira labore desberdinen bizi-zikloko une nagusiak, loratzea edo fruitua betetzeko aldia, besteak beste. Kalkuluen arabera, Pirinioetan izotza egin duen egunen kopurua -0,4 ± 0,2 egun inguru murriztu da hamarkada bakoitzean 1985 eta 2014 artean. Faktore mugatzaile handiena tenperatura baxuak eta oszilazio termikoak dituzten mendiguneko laborantza-eremuetan, neguko sasoiko gutxieneko tenperaturen igoerak hotzaren aurrean sentsibleagoak diren laboreen ekoizpena handitzea ekar lezake. Hala ere, labore batzuentzat kalteak are handiagoak izan litezke, gutxieneko tenperatura altuek landareen hotzaren aurkako babes naturaleko mekanismoen garapena blokeatu baitezakete. Erreminta natural horiek gabe, gero eta sarriago ematen diren izozte berantiar puntualek galera handiak eragin ditzakete, behar baino lehen garatu diren laboreetan batez ere.

Bestalde, zenbat eta CO2 kontzentrazio handiagoa izan, orduan eta altuagoa da tasa fotosintetikoa, eta handiagoa landareak hazteko eta atmosferako karbonoa finkatzeko duen gaitasuna.

Dena den, labore guztiek ez dute modu berean erreakzionatuko, haien portaera metabolismo motaren arabera aldatuz. C3 motako metabolismoa duten laboreek (alea, arroza, alpapa, soja eta fruitu-landare gehienak) hobeto erantzuten diote CO2ren kontzentrazioaren gorakadari C4 motako metabolismoa duten landareek (artoa, artatxikia, sorgoa, etab.) baino. Izan ere, azken horiek oso prozesu fotosintetiko eraginkorra dute, eta, beraz, ez dute hain modu nabarmenean erantzuten. Hala ere, azpimarratu behar da ongarri-efektu hori oso mugatua eta baldintzatua izango dela, ur-eskuragarritasun txikiagoa, lurzoruan karbono organikoaren presentzia eta eskuragarritasun txikiagoa, muturreko klima-gertakarien maiztasun eta intentsitate handiagoa eta parasitoen eta beste organismo kaltegarri batzuen hedapen handiagoa direla-eta. Guztiak ere, klimaren aldaketaren eragina jasaten duten faktoreak dira.

 

 

Laboreetan izurriteak hedatzeko arriskua

Landareen eta haien etsai naturalen arteko elkarrekintzak klimaren eta ingurumenaren baldintzek baldintzatzen dituzte. Labore batzuen banaketa-eremuen balizko aldaketak, lurzoruaren hezetasun-baldintzetan eta batez besteko tenperaturetan aurreikusitako aldaketarekin sinergian, Pirinioetako labore nagusietan gaur egungo izurriteen eta gaixotasunen banaketa eta hedapen patroiak aldatzea eragin lezake, eta baita izurriteak eta gero eta indar gehiago hartzen ari diren gaixotasunak hedatzeko arrisku handiagoa ere.

Klimaren aldaketak hiru mekanismo nagusiren bidez du eragina izurrite berrien hedapenean eta agerpenean. Alde batetik, ingurumen-klima baldintza berriek organismo kaltegarri batzuen garapena erraztu lezakete, lehen tenperatura baxuek organismo horien garapena mugatzen zuten urteko aldi jakin batzuetan. Gutxieneko tenperatura altuek izurrite batzuek ugalketa ziklo gehiago osatzea eragingo lukete, laboreetan duten eragina areagotuz. Bigarrenik, klimaren baldintza berriek izurrite berriak edo gune beroagoetatik ustekabean sartutako gaixotasunak hedatzeko klimaren ikuspegitik egokiak diren eremuak sor litzakete, eta azkar zabal litezke, lehiakortasun faltarengatik eta harrapari naturalengatik. Azkenik, muturreko klima gertakariek eragindako estres-egoeren maiztasun eta intentsitate handiagoak laboreek organismo horien erasoarekiko duten sentsibilitatea areagotu dezake.

 

Ondorioak

Nekazaritza-sistemen produktibitatea hainbat faktoreren mende dago era kritikoan, klimaren baldintzen mende barne. Oro har, klimaren aldaketak nekazaritzako produktibitatean dituen ondorioak atmosferako CO2aren kontzentrazioa handitzearen, hazkunde-urtaroaren luzera aldatzearen, baliabide hidrikoen eskuragarritasunean izandako aldaketen eta izurriteak edo gaixotasunak hedatzearen edo ugaltzearen arteko elkarrekintzen emaitza gisa laburbil daitezke. Epe laburrera, egokitzeko estrategiak ereiteko datetan edo landatutako barietateetan izandako aldaketekin lotutako nahiko nekazaritza-jardunbide errazak erabiltzean oinarritu ahal izango diren arren, epe luzera hori ez litzateke nahikoa izango. 

Hurrengo hamarkadetan Pirinioetako nekazaritzak-artzaintzak aurrean dituen eta izango dituen erronka nagusien artean, OPCCk hauek nabarmendu nahi ditu:

 

  • Pirinioetako nekazaritzako-artzaintzako ekosistemetan arrisku handienei, eragin negatibo posibleei eta etorkizuneko proiekzioei buruzko ziurgabetasunak murriztea
  • Mendiko nekazaritza eta artzaintza sistemen erresilientzia areagotzea klimaren aldaketaren presioen aurrean
  • Lurzoruen kontserbazio-kudeaketa sustatzea, haien emankortasun naturala handitzeko, eta karbono-hustubide gisa duten rola maximizatzea
  • Baliabidearen kudeaketa integralaren esparruan baliabide hidrikoen erabilera jasangarria bermatuko duten kudeaketa-neurriak bultzatzea sektorean
  • Aziendaren eta laboreen organismo patogenoak eta gaixotasun sortu berriak zaintzeko sistemak sustatzea
  • Sektorea uztea mugatzea eta sektorea dibertsifikatzea eta modernizatzea, klimaren aldaketaren ikuspegitik aldaketa globalak dituen erronkak kontuan hartuta

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri