You are here

Abian da EPiCC-ren plan operatiboaren azken fasea

  • 01 Dec

OPCCk lanean jarraitzen du, Klima Aldaketaren Pirinioetako Estrategia (KPEB) lurraldean aplikatu dadin. Oraingo honetan, parte-hartze tailerrak antolatzera bideratu ditu ahaleginak, EPiCCren plan operatiboa zehazten aurrera egiteko eta hura aplikatu nahi duten erakundeen artean networkinga errazteko. Plan operatibo horri esker, eta ekintza zehatzen bidez, EPiCCn aurreikusitako jarduketa-ildoak zabaldu ahalko dira lurraldean.

Azaroaren 23an eta 24an, lau topaketa hibrido egin dira CTP-OPCCk Jakan duen egoitzan. Guztira, 7 lurraldeetatik etorritako 54 lagunek hartu dute parte topaketan. Tailer horien helburua izan da plan operatiboko ekintzak zehazten jarraitzea, eta, horretarako, hobetu, osatu eta indartu egin dira. Era berean, erakundeen arteko elkarrizketa eta eztabaida bultzatu nahi zen; horri esker, ekintzen garapenean parte har dezaketen lurraldeko erakundeak identifikatu ahal izan dira, bai eta haien arteko sinergiak eta lankidetzak ezarri eta gaur egungo eta etorkizuneko lan-ildoak finkatu ere.

Plan operatiboak 2030era arteko denbora-muga du, eta, EPiCC bezalaxe, 5 sistemaren inguruan dago antolatua: klima, naturagune erresilienteak, mendiko ekonomia egokitua, biztanleria eta lurraldea, eta gobernantza.

Tailer horiek egin zirenean, lurraldeko hainbat erakunderen 424 proposamen jaso ziren, EPiCCren ekintza zehatzak gauzatzeko.

Proposamen horien artean, erronkei aurre egiteko aukera ugari daude; besteak beste, honako hauek: Pirinioetako klima-aldaketaren eta aldaketa orokorraren jarraipena egiteko adierazle espezifikoak bilatzea; flora- eta fauna-espezie zentinelen eta habitat sentikorren etengabeko jarraipena egiteko sarea ezartzea; jardunbide egokiak sortzea eta trukatzea, Pirinioetako lurzoruen rol garrantzitsua indartzeko; naturan oinarritutako soluzioen (NOK) erabilera sustatzea; mendiko lurraldeak ematen dituen zerbitzu ekosistemikoak balorizatzea; ingurumen-kalitatea hobetzen duten eta agertoki klimatikoak barne hartzen dituzten tokiko turismo-ekimen jasangarriak egiten laguntzea; tokiko ekoizpen ekologikoak eta kalitatezkoak sustatzea eta horien gainean sentsibilizatzea; eta sortzen ari diren gaixotasunen eta izurrien aurreikuspenaren, kudeaketaren eta mugaz gaindiko jarraipenaren koordinazioa indartzea.

Ekimen horiek guztiek bi alderdi nagusi dituzte komunean:

  • Bereziki Pirinioetako mendietan gauzatzeko dira.
  • Mugaz gaindiko ikuspegia dute.

Jasotako ekimen guztiekin, barne-azterketako fase berriari eta erakunde interesdunen arteko harreman-prozesuari ekingo zaie. Horrela, plan operatiboa egiten amaituko da, dokumentua jendaurrean jarri ahal izateko 2022ko lehen hiruhilekoan.

Geo-portal

 

 

 

 

To access

PYRENEAN CLIMATE CHANGE OBSERVATORY

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - España

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Contact