Vous êtes ici

Abian dago klimaren aurrean erresilientea den mendi-eremuaren aldeko LIFE proiektu berria

  • 03 Jun

Hogeita hamar pertsona inguruk parte hartu zuen, otsailaren 24an –asteazkena-, Pirinioetako Lan Elkarteak Klima-aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren bitartez gidatzen duen LIFE Laguntza Teknikoko proiektu berria abiatzeko bileran: “LIFE TA-CC PIRINIOAK, klimaren aurrean erresilienteagoa den piriniar mendi-eremu baterantz”.

LIFE programaren bitartez, PLEk Europar Batasunaren finantziazioa jaso du etorkizunean proiektu zabalago bat prestatzeko, hots, LIFE integratu bat prestatzeko. Beraren helburua da etorkizuneko Klima-aldaketaren Pirinioetako Estrategia –KAPE- inplementatzeko plan bat prestatzea.

Lan honek KAPBren aurreko proiektuen emaitzak kapitalizatuko ditu, hala nola POCTEFA ADAPYR proiektuarenak; era horretan, ahalbidetuko du erantzun komun bat ematea klima-aldaketak Pirinioetako mugaz gaindiko lurraldean sortutako inpaktuei. Estrategia hau aukera paregabea da teoriatik praktikara pasatzeko eta hamarkada batez eskuratutako ezagutza neurri konkretu eta adostuetan islatzeko.

Proiektua abiatzeko saioan, KAPBko Batzorde Teknikoko klima-aldaketaren erreferenteek parte hartu zuten, eta baita erakunde horretako Aholkularitza Kontseiluko kideek ere.  Rafael Giménez Capdevilak, PLEren 2019-2021eko presidentzia sostengatzeko Programaren arduradunak, ongietorria egin zien parte-hartzaile guztiei.

Lehenengo hizlaria José Ramón Picatoste izan zen, Klima-aldaketaren Espainiako Bulegokoa. Bere hitzaldian, klima-aldaketaren mugaz gaindiko estrategien europar ikuspegia azaldu zuen xehetasunez, eta berriki onartu den Europako Egokitzapen Estrategiaren (European Adaptation Strategy) ildo nagusien berri eman zuen.

Beraren ostean, Delphine Mercadier-Mourek  hitz egin zuen, Commissariat du Massif des Pyrénéeseko komisarioa baita. Honek errepasoa egin zion bere erakundearen eskema estrategikoari, eta klima-aldaketaren zeharkakotasuna azpimarratu zuen, Pirinioekin lotutako erronkek sortzen dioten kezka azpimarratzeaz batera: udako larreak, artzaintza, basoak eta, batez ere, uraren eskuragarritasuna.

Bukatzeko, Zabala Consultigneko Igor Idaletak LIFE Programaren proiektu integratuei buruzko ikuspegi orokor bat eskaini zuen, zeren LIFE TA-CC PIRINIOAK berri hau horrantz zuzentzen baita. Azpimarratu zuen PLEk daukan potentziala, KAPBren bitartez, LIFE programaren finantziazioa bere proiektu integratuen bidez lortzeko; izan ere, lurraldeak mugaz gaindiko izaera du, oso garbi identifikatutako kalteberatasunak ditu, baita gobernantza sendoa ere.

Datozen hilabeteetan, KAPBk parte-hartzeko eta deliberatzeko tailerrak eskainiko ditu, bai sektorialak eta bai lurralde mailakoak. Ekintza horiei guztiei buruzko informazio osoa webgune honetan argitaratuko da.

Géoportal

 

 

 

 

Accès

OBSERVATOIRE PYRÉNÉEN DU CHANGEMENT CLIMATIQUE

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - España

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Contact