Lurzoruen Munduko gutunaren arabera (FAO, 2015), “Lurzoru osasuntsuak izatea beharrezkoa da elikagaien, biomasaren (energia), zuntzen, bazkaren eta beste produktu batzuen beharrak betetzeko eta munduko lurralde guztietan oinarrizko zerbitzu ekosistemikoen eskaintza bermatzeko. Hala ere, gaur egun gizarteak lurzoruak inoiz ezagutu ez duen presio mailari aurre egin behar dio.
Lurzoruaren askotariko degradazioek kalte handiak sortzen dituzte (urbanizazio prozesu azkarraren ondoriozko zigilatzea barne) elikadura-segurtasuna eta oreka ekologikoa kolokan jarriz. Gaur egun eta momentuz aztergai diren baina laster ezarpen prozesuan sartuko diren Garapen Jasangarrirako Helburuak bete ahal izateko, oinarrizkoa da lurzoruen maneiu jasangarria bermatzea, bestela, Garapen Jasangarrirako Helburuak ezingo dira bete”.
Lurzoruaren aldeko Munduko Aliantza 2012ko abenduan sortu zen eragile sozialekin batera jarduteko eta interes talde guztien arteko sinergiak eta elkarlana hobetzeko. Maila politikoarentzat, Lurzoruaren aldeko Munduko Aliantzaren helburuetako bat da lurzoruen kudeaketa jasangarria eta gobernantza hobetzea.
Lurzoruaren aldeko Munduko Aliantza hainbat azpimailatan antolatzen da, besteak beste, eskualdeetakoak (kontinentalak), estatuetakoak edo eskualde geografiko homogeneoetakoak, adibidez, Alpeetako Lurzoruen konbentzioa: aliantza horrek lurzoruen kontserbaziorako protokoloa proposatu du, baina ez da oraindik ezarri. Aliantzako kideek uste dute mendigune osoaren tresna harmonizatua behar dela, nahiz eta estatuetako legegintzetan ondo ezarritako antzeko protokoloak egon.
Begi bistakoa dirudi Pirinioetako Lurzoruen Aliantza tresna erabilgarria izango litzatekeela Pirinioetako 3 estatuetako ekintzak eta politikak harmonizatzeko edo bateratzeko, lurzoruen kontserbazioa eta kalitatearen kontserbazioa sustatzeko, lurzoruen kudeaketa jasangarriko ereduak partekatzeko eta C bahiketa maila bermatzeko edo gehitzeko. Helburu horiek Europar Batasunaren “Lurzoruen osasuna eta elikadura” (Soil health and food) xede berrian gehituta daude eta hauxe argitaratu da: “Lurzoruak zaintzea bizitza zaintzea da” (Caring for soils is caring for life).
Komunitate zientifikoak aitortu du klima aldaketak kalte larriak sortzen dituela lurzoruan, bereziki, lurzoruak karbono atmosferikoa finkatzeko duen gaitasunean. Muturreko klima egoerek (besteak beste, lehorteek, bero boladek, suteek edo prezipitazio handiek) lurzoruen osasun egoera larriagotzen dute, aireko CO2a finkatzeko duten gaitasuna kaltetuz (IPCC, 2014; EEA 2016). Era berean, lurraren eta lurzoruaren erabilera aldaketek klima aldaketa bizkortu edo moteldu dezakete, lurzoruek aireko karbonoa finkatzeko duten gaitasuna hobetuz edo okertuz. Lurzoru osasuntsurik gabe eta ezinbestekoa den baliabide hori modu jasangarrian kudeatu gabe ezin diogu krisi klimatikoari aurre egin, ezin dugu nahikoa elikagai ekoitzi eta ezin gara etengabe aldatzen doan klima batera egokitu. Pirinioetako lurzoruak klima aldaketaren ondorioetatik babeste aldera elkarrekin lan egiteko tresna egokiena Pirinioetako Lurzoruen Aliantza izan liteke.
2020 hasieratik, mendiguneko lurralde osoko ikertzaileek osatutako aliantzaren talde aitzindaria ekimena martxan jartzeko lehen pausoak prestatzen ari da. Zenbait bilera egin ondoren, lurraldeko eragile nagusiei inkesta bat egin zitzaien ekimen horretan zuten interesa nolakoa zen jakiteko. Eragileak identifikatu ondoren workshop bat antolatu zuten eta mugako bi aldeetako 54 pertsonek parte hartu zuten bertan; hala, etorkizuneko Pirinioetako Lurzoruen Aliantzara atxikitzeko agiriaren zirriborroa prestatu zuten.
Honakoak deskargatu ahal izango dituzu hemen:
ASPir-era atxiki nahi duten erakunde guztiek 2021eko urtarrilaren 31 aurretik bidali beharko dute agiria sinatuta helbide elektroniko honetara: contact@ctp.org CTPk eskerrak eman nahi dizkie workshopean parte hartu zuten guztiei, eta baliabide natural preziatuenetakoa den lurzorua babestearen aldeko ekimen interesgarri honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - España
+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org