Esteu aquí

Landa-bisita PHUSICOS proiektuko Artouste eta Santa Elena kasuetara

  • 01 Jul

Phusicos proiektuaren esparruan, naturan oinarritutako konponbideak aplikatzen ari dira Frantziaren eta Espainiaren arteko mugako bi lekutan: Artousten eta Santa Elenan. Ekainaren 17an, AECT Espace Portaletek, Pirinioetako Lan Elkarteak eta Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak bisita bat antolatu zuten bi leku horietara, naturan oinarritutako konponbideek aparteko fenomeno meteorologikoen arriskua murriztu dezaketela eta bideragarriak, errentagarriak eta erreplikagarriak direla frogatzeko. Bisitaren helburua zen arazoen irismena aztertzea, hala nola goranzko higadura eta bi lekuetan errepideari eragiten dioten bloke-jausiak, baita konponbideen funtzionamendua eta beste irtenbide tekniko posible batzuk ebaluatzea ere.

Hain zuzen ere, Artousteko mendi-hegal basotsuak bisitatu zituzten parte-hartzaileek; izan ere, sarritan erortzen dira blokeak, lurra ezegonkorra delako errepidetik gertu. Errepidetik hurbil dauden ezpondak pagoz eta izeiz estalita daude; diametro eta dentsitate handikoak, ertainekoak eta baxukoak dira, eta % 100eko eta gehiagoko maldetan daude. Aplikatutako konponbideak neurri aktiboetan oinarritzen dira, hala nola eskuzko egonkortzean eta mendigune harritsuak egonkortzeko zurezko egituretan, bai eta blokeak geldiarazten edo desbideratzen dituzten zurezko edo harrizko egituretan oinarritutako neurri pasiboetan ere. Horrela, basoaren babes-rola indartzen da.

Espainiako aldean, Santa Elenan, hain zuzen, higadura-arazoak dituen morrena-ezponda bat dago. Gorabeherak maiz gertatzen direnez, kable-sareekin babestu da ezponda. Hala ere, ez dira eraginkorrak, morrenan sartuta dauden blokeen ezegonkortasuna dela eta; 1 m3-tik gorako bolumena dute, eta galtzadara irits daitezke. Phusicosen esparruan aplikatutako konponbideek barne hartzen dute terrazak sortzea, bioingeniaritza eta landaretza autoktonoaren estaldura, jariatzea murrizteko, iragazketa eta drainatzea hobetzeko eta morrena-ezponda, oro har, eta blokeak, bereziki, egonkortzeko.

Guztira 20 lagunek parte hartu zuten; besteak beste, tokiko agintariek eta errepideen eta uraren kudeaketarekin lotutako erakundeek, bai eta lurralde-garapenean eta enpleguan lan egiten duten enpresa eta erakundeek ere.

Eskualde menditsuak bereziki kalteberak dira gertakari txiki eta ohikoen inpaktuen aurrean; horregatik, naturan oinarritutako konponbideak funtsezkoak dira horiek arintzeko edo prebenitzeko. H2020k finantzatutako proiektu bat da Phusicos, helburu duena naturan inspiratutako konponbideen onurek tokiko komunitateen erresilientzia ekologikoa, soziala eta ekonomikoa areagotzen dutela erakustea. Phusicosen esparruan, arrisku naturalen azterketa sakona egiten ari dira teknologia erabilgarri onenekin, konponbide egokienak aurkitzeko asmoz. Proiektua osatzen duten Europako adituen talde batek gainbegiratzen ditu lan guztiak.

Geoportal

 

 

 

 

Accedir

OBSERVATORI PIRINENC DEL CANVI CLIMÀTIC

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - España

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Contactar